Argitaratutako Fiskaltzaren dokumentazioaren arabera, salatutako gertakariak BBK Fundazioak Itzubaltzeta/Romon duen haur-eskola batean jazo ziren iaz. Salaketak hainbat jokabide bortitz deskribatzen ditu: beste umeei hozka egiten zietenean, langileek ustez "eskuaren atzealdeargaz ahoan jotzen" zituzten haurrak, edo "aurpegian zaplaztekoak edo ipurdian kolpeak" ematen zizkieten portaera desegokia zutela uste zutenean.
Fiskaltzaren idazkiak beste egoera batzuk ere deskribatzen ditu. Adibidez, siestaren garaian, lo egin gura ez zuten umeak lo-zakuaren barruan sartzen zituzten, goialdera arrastaka igo arte nekatu zitezen. Jateko orduetan, aldiz, indarrez elikatzen zituzten ume batzuk, janaria baztertzen zutenean. Horretarako, batzuetan hamaka batean atzerantz makurtuta jartzen zituzten irentsarazteko, edo begiak estalita janaria irenstera behartzen zituzten, Fiskaltzaren arabera.
Dokumentuak zehazten duenez, ez da lesio fisiko objektiborik atzeman haurrengan. Fiskaltzak otsailaren 17an igorritako dekretu baten bidez jakinarazi zion Getxoko epaitegiari ikerketa abiatu zuela, eta kasuaren larritasuna ikusita salaketa zuzena aurkeztu du epaitegiak eta poliziak euren ikerketak abiaraz ditzaten. Fiskalak uste du gertakariak Zigor Kodeko 173.2 artikuluan jasotako ohiko tratu txarren delituagaz lotuta egon daitezkeela; delitu horrek sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxe-zigorra aurreikusten du.
Momentuz, BBK Fundazioak ez du adierazpenik egin, eta Fiskaltzaren dokumentuan jasotako informaziora mugatu dira. Hala ere, Nora Sarasola, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendaria, goizean zentrora joan da haur-eskolara egoera bertatik bertara aztertzeko.