Getxok hartuko du aurten ere Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival jaialdiaren hasiera

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 11

Bilbao Surf Film Festival jaialdiak surfaren inguruko izen handiak hartuko ditu beste urte batez. © GETXOKO UDALA

Surf zinemari eskainitako Estatuko hitzordu nagusietakoa martxoaren 18tik 22ra egingo da Getxon eta Bilbon, eta XI. edizio honek musikaren alde egin duen "apustu handia" nabarmendu dute antolatzaileek, Bilbao Arena eszenatoki nagusietako bat izango baita aurtengo agerlekuetako bat.

Jaialdiak Getxon izango du lehen geltokia: martxoaren 18an, Fadurako Tiki Toki zentroan. Egun horretan, surfaren industriari zuzendutako jardunaldi profesionala egingo dute. Hurrengo egunean, martxoaren 19an, Muxikebarrin egingo dute Inaugurazio Gala Nagusia, eta bertan proiektatuko dituzte Igor Bellido donostiarraren lanak: Ride of a Lifetime, Hono, Violeta eta Ikigai; Bellido izan zen, gainera, aurreko edizioko irabazle nagusia.

Jaialdiak Bilbon jarraituko, bertan izango baita musika protagonista izango duen berritasun handienetako bat. Hala, martxoaren 20an, 18:00etatik 00:00etara, Bilbao Arenak pop-rock eta indie egungoaren gau berezia hartuko du: Morgan madrildar rock taldeak, Carlangas musikari eta ekoizle galiziarrak eta Maren bilbotar indie promesak joko dute, "prezio herrikoietan" antolatutako kontzertuetan.

Zinemari dagokionez, jaialdian 56 film proiektatuko dituzte guztira, 44 herrialdetan grabatuak eta 23 herrialdetako zuzendarien lanakaz, proiekzioak Bilbao Arena eta Golem-Alhondiga artean eskainiko dituzte. Antolatzaileen esanetan, nabarmena da emakume zuzendarien eta protagonisten presentzia, baita gaurkotasuneko gaiak lantzen dituzten lanen kopurua ere. Besteak beste, programazioan izango dira Gazako Zerrendan surf egiten duen talde bati buruzko Gaza Surf Club, Mundakako olatuaren saio berezi bati buruzko Best of Mundaka, eta Wave of my lifetime, Natxo González protagonista duena. Horiez gain, Kikiribu (Kuba, Kepa Acero eta Susana Zayas), eta Laetitia, Leticia Canales surflari profesional sopeloztarrari buruzko dokumentala, ere izango dira jaialdian.

Networking-ri dagokionez, ekologia, tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak, tokiko artea eta bestelako sorpresa batzuk ere iragarri dituzte, jaialdiak Getxon zein Bilbon izango dituen gune eta jardueren osagarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun