Getxok arrazakeriaren aurkako egitaraua antolatu du martxoaren 21aren harira

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 11

Egitaraua martxoaren 14an hasiko da.

Getxoko Udalak hainbat jarduera prestatu ditu Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren inguruan, aniztasuna, bizikidetza eta arrazakeriaren aurkako mezua indartzeko.

Egitaraua martxoaren 14an hasiko da, San Martin elizako txokoan egingo den Iftar jai interkulturalagaz. Getxo Bizilagunak udal programaren barruan antolatu dute ekimena, Egizu, Ibilki, Agharas eta San Nikolas Zabalik elkarteen laguntzagaz. Topaketaren helburua Ramadana komunitatean ospatzea eta kultura arteko elkarrizketarako gune ireki bat eskaintzea da. Arrastian gastronomia tailerra, komunitate-bazkaria, otoitza, ipuin-kontalaria, musika eta tearen zeremonia izango dira.

Martxoaren 18an, berriz, Zurrumurruen aurkako giza liburutegia: topaketa eta elkarrizketa gunea egingo dute Romo Kultur Etxean, 17:30ean. Jarduera adinekoei zuzenduta dago.

Era berean, Martxoaren 21ean Bilbon egingo den manifestaziora taldean joateko deialdia egingo dute. Gainera, martxoaren 16tik apirilaren 17ra, Algortako azokan erakusketa bat egongo da ikusgai, emakume etorkinek, bereziki etxeko eta zaintza lanetan aritzen direnek, pairatzen dituzten indarkeria eta eskubide-urraketak agerian uzteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun