Zerbitzua 16 urtetik gorako erabiltzaileei dago zuzenduta, eta eguneko 24 orduetan erabili ahal izango da, urte osoan. Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute proiektua martxan jartzeko, eta Aldundiak 50.000 euroko diru-laguntza eman du espazioa egokitu eta ekipatzeko.
Aparkalekua ez da bizikletak uzteko gune soil bat. Sarbide-kontrola, kameraz zaindutako espazioa, suaren aurkako segurtasun-armairuak eta bizikletetarako banakako elektrizitate-harguneak ditu. Horrez gain, barruan erabilera libreko BiziPuntu bat ere badago, konponketa txikietarako tresnakaz , baita gurpilak puzteko kitagaz ere.
Erabiltzaileek https://getxo.bizipark.eus/ linkaren bidez eman beharko dute izena, eta bonu hauen artean aukeratu ahal izango dute: hilekoa 4 eurokoa da; hiruhilekoa, 10 eurokoa; seihilekoa, 20 eurokoa; eta urtekoa, 40 eurokoa. Plazak eskaera-hurrenkeraren arabera banatuko dira, eta, lekua agortuz gero, itxaron-zerrenda osatuko da.
Udalak azaldu du erabiltzaile bakoitzak plaza bakarra izango duela eta bizikleta bere baliabideakaz lotu beharko duela. Era berean, bateriak kargatzeko aukera ere egongo da, gehienez 12 orduz jarraian erabili ahal izan dena. Gainera, aparkalekua bi astez baino gehiagoz erabili gabe uzten bada, Udalak erabiltzaileagaz harremanetan jarriko dela ohartarazi du.