Kirolaz gozatzeaz gain, elkartasunerako eta aldarrikapenerako tartea ere egon zen ekitaldian. Antolatzaileek irakurritako testuan, pilota jokoaren eta bizi den egoera politikoaren arteko metafora erabili zuten, presoek bakearen eta elkarbizitzaren "pilota aspaldi bota zutela" gogorarazteko. Hala ere, salatu zuten botere batzuei pilota hori hartzea kostatzen zaiela, joko eremutik kanpo ateraz eta egoera "luzeegi" mantenduz. "Egoera hau ezin dela areago luzatu esatera etorri gara hona; benetako konponbidearen alde, lege arrunta aplikatuz, preso guztiak etxean egoteko garaia da", azpimarratu zuten antolatzaileek.
Ekitaldiak "konponbide legal eta progresibo baten" beharra jarri zuen mahai gainean, salbuespen neurriak behin betiko amaitzea exijituz. Antolatzaileen esanetan, aurrera egiteko ezinbesteko pausoa da legea salbuespenik gabe aplikatzea, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea "denon onerako" izango dela nabarmenduz. Egunak jai giroa eta borroka uztartu zituen Algortako bihotzean, elkarbizitzaren bidean "pilota joko eremuan" mantentzeko deia eginez.
Goizeko 09:45ean hasi zen txapelketa, eta iluntzeko finalaren ostean, sari-banaketa eta Katearainoko kalejira aldarrikatzaileagaz eman zitzaion amaiera jardunaldiari.