Ikasleen Guraso Elkarteak jakinarazi duenez, instalazioak hasieran berritze lanengatik itxi zituzten, baina ondoren "funtzionamendu-baimenik ez dagoelako" luzatu da egoera, eta horrek 2 eta 12 urte bitarteko 290 umeri eragiten die zuzenean, "atsedenaldian edo bazkaltzeko estalitako espazio bat" ezin dutelako erabili.
Familiek, gainera, ebazpen-epeei buruzko informazio faltaz eta lanak amaitu ostean agertu diren "gabezia tekniko berriez" kexu dira, besteak beste, soinu-isolamendu arazoak, autobabes-planen falta, segurtasun-azpiegituren gabeziak eta itoginak aipatu dituzte. Are gehiago, zentroa entzumen-desgaitasuna duten ikasleak eskolatzeko gaitutako geletako bat dela gogorarazi dute, eta horrek baldintza akustiko egokiak bermatzea "ezinbesteko" egiten duela nabarmendu.
Prentsa-oharrean, familiek egoeraren larritasuna azpimarratu dute: "Bi urtez ikusi dugu gure seme-alabek ezin dutela korrika egin, jolastu edo kirolik egin euria egiten duenean. Egoera jasanezina da. Ez gara aisialdiaz bakarrik ari, osasunaz, garapen fisikoaz eta ikaskuntzaz baizik". Halaber, salatu dute azken hilabeteetan aurkeztutako alternatibek ez dutela aurrera egin: "Proposamen bideragarriak aurkeztu ditugu, batzuk familiek eurek finantzatuta, baina guztiak baztertu dituzte benetako alternatibarik eskaini gabe".
IGEak gaineratu duenez, hainbat ekimen bultzatu dituzte azken ikasturteetan egoera arintzeko, tartean, aldi baterako karpa eskatu zuten 2204-2025eko negurako, baina "lizentzia ziurtatu gabe" desmuntatu omen zen; 2025eko abenduan berriz eskatu, eta Udalbatzak baztertu zuen; eta 2026ko otsailean, familiek finantzatutako proiektu bat aurkeztu zuten gune natural bat egokitzeko (sareak, sokak, hamakak…), baina hori ere ez diete baimendu.
Egoera honen aurrean, familiek diote helburua argia dela: "Kiroldegiaren berehalako irekiera, ikasleen ongizatea bermatzeko behin-behineko neurri premiazkoak, eta guraso elkarteak proposatutako ekimenak desblokeatzea".