Getxoko hainbat puntutan izandako 12 edukiontziren erreketa ikertzen ari dira

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 23a

Edukiontziak sutan Getxoko kale batean, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak ikerketa abiatu du joan den martxoaren 21ean udalerriko hainbat gunetan nahita erretako 12 edukiontziren inguruan. Gertakariak Andres Larrazabal, El Club, El Pinar, Amaia eta Zugatzarte kaleetan jazo dira, eta lehen ikerketen arabera, suen ibilbidea El Pinarren hasi eta Amaia kalean amaitu zen. Suteek ez dute kalte pertsonalik eragin, baina galera material handiak utzi dituztela azpimarratu du Udalak.

Gertatutakoa argitzeko, Udalak azaldu du alarma-sistemaz hornitutako edukiontzien teknologia baliatzen ari dela, eta horri esker suteen sekuentzia berreraiki eta gertakariekin zerikusia izan dezakeen pertsona susmagarri bat identifikatzeko bidean daude.

Zapatuan jazotako suteak Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek berehala itzali zituzten, Getxoko Udaltzaingoagaz koordinatuta, eta egoera kontrolatzea eta kalte pertsonalak saihestea lortu zuten. Hala ere, gertaerek kalte material handiak eragin dituztela adierazi dute Udaleko iturriek, eta udal-zerbitzuak horiek aztertzen ari direla gaineratu dute. Gainera, Udalak laguntza eskatu die herritarrei, gertatutakoa argitzeko baliagarria izan daitekeen edozein informazio emateko.

Era berean, Amaia Agirre Getxoko alkateak gogor gaitzetsi ditu gertaerak: "Ekintza bandaliko larriak dira, segurtasunik eza eragiten dutenak eta herritarrei kalte ekonomiko handia eragiten dietenak. Udaletik behar diren baliabide guztiak jarriko ditugu pertsona arduraduna identifikatzeko eta horrelako egoerak errepika ez daitezen." Azkenik, Agirrek larrialdi zerbitzuen jarduera azkarra eskertu nahi izan du: "Suhiltzaileen eta gure Udaltzaingoaren lan koordinatu eta eraginkorra aitortu nahi dugu, haien esku-hartzea funtsezkoa izan baita ondorio handiagoak saihesteko" 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun