Deialdia gaur bertan ireki da, eta interesa duten pertsonek apirilaren 23ra arte bidali ahal izango dituzte beren proposamenak. Aurkeztutakoen artean hiru hautatuko dira, eta horiek ikerketa-egoitza bana egingo dute Romo Kultur Etxean, ekainaren 1etik uztailaren 5era bitartean. Guztira, 15.000 euro bideratuko dira hiru proiektu horiek garatzera, eta, gainera, beste 10.000 euro erabiliko dira horietako bat ekoiztu eta erakusketa formatuan aurkezteko.
Beken iraupena bost astekoa izango da, eta egonaldiak modu jarraituan zein etenka egin ahal izango dira. Prozesuan zehar, hautatutako sortzaileek tutoretza-zerbitzua izango dute eskura, eta beka amaitzean amaierako proiektu bat aurkeztu beharko dute. Nolanahi ere, aurkeztutako proposamenek argitaragabeak izan beharko dute. Hiru proiektuen artetik bat aukeratuko da erakusketa bihurtzeko, eta lan hori ere Romo Kultur Etxean bertan ikusi ahal izango da, urriaren 25etik azaroaren 3ra.
Deialdira bakarkako nahiz taldeko proposamenak aurkeztu ahal izango dira. Horiek baloratzeko, Getxo Kulturak epaimahai espezializatu bat osatuko du, erakundeko teknikariez gain arte garaikideko bi adituk lagunduta: Alicia Fernandez, Rekalde Aretoaren zuzendariak, eta Clara Monterok, Tabakalerako Kultura zuzendariak.