Getxoko Kirol Portua trantsizio-fase erabakigarri batean murgilduta dago, jardueraren berreskurapena eta epe luzerako antolaketa estrategikoa uztartzen ari dela azpimarratu dute horren arduradunek. 2025eko urrian, Bilboko Portu Agintaritzarekin sinatutako akordioaren ondoren, portuko kudeaketak egonkortasuna eta oreka bermatzera bideratu ditu bere ahaleginak.
Hala, azken hilabeteotan datuen bilakaera positiboa izan dela adierazi dute: gaur egun, portuan dauden 520 ontzietatik 400 jada alokatuta eta erregularizatuta daude (% 77ko tasa). Prozesu hau modu progresiboan garatzen ari da, ordaindu gabeko edo bertan behera utzitako kasuetan indarrean dagoen araudia aplikatuz, erabiltzaile guztien arteko ekitatea bermatzeko asmoz.
Merkataritza-jarduerari dagokionez, martxa onean jarraitzen duela ere adierazi dute, izan ere, 38 lokal erabilgarrietatik 32 okupatuta daude daborduko (% 84), batez ere ostalaritzan eta zerbitzu teknikoetan. Dinamismo horrek portua gune aktiboago bihurtuko duela iragarri dute, pertsonen presentzia handituz eta ingurune ireki gisa finkatuz. Gainera, 2.000 metro koadro dituen Getxo Plaza berreskuratu da formatu handiko ekitaldiak hartzeko, eta horrek dinamizazio aukerak zabaltzen ditu urte osoan zehar.
Gaur, martxoak 24, El Abra-Getxo Kirol Portuko sozietate publikoaren Kontseilua bilduko da. Bilera honetan, 2025eko ekitaldiko kontuak onartzeaz gain, kudeaketari eta antolaketari lotutako erabaki nagusiak jorratuko dituzte. Hitzordu honek portuaren gobernantza indartzeko eta etorkizuneko horizonte berria marrazteko balio izango du, plangintza estrategikoak markatutako bideari jarraipena emanez.