Udalaren esanetan, emaitza positibo horien atzean prebentzio-lanen indartzea, jaietan eta ekitaldi handietan kamerak jartzea eta Ertzaintzagaz izandako koordinazioa daude; azken horren baitan, 921 jarduera bateratu egin zituzten.
Trafiko-segurtasunari dagokionez, 2025ean biktimak izan zituzten istripuak gutxitu ziren, eta ez zen izan hildakorik eragin zuen harrapatzerik; Udalak zehaztu duenez, istripuen arrazoi nagusietako bat distrakzioak izan ziren. Era berean, alkoholemia eta drogen kontrolak ugaritu zituztela ere azpimarratu dute.
Polizia "hurbileko" zerbitzu gisa, oinezko patruilak (korrikak) areagotu zituztela ere gaineratu dute eta segurtasunari buruzko prebentzio-hitzaldiak eman zizkieten adinekoen elkarteei; halaber, gora egin zuten kalean izandako ondoezen eta erorikoen ondoriozko esku-hartze asistentzialek, batez ere adinekoen artean. Eguraldi abisu ezberdinen aurrean (euria, olatua, haizea), prebentziozko jarduerak ere mantendu zituztela jaso du memoriak.
Azkenik, Udaltzaingoaren plantillari lotuta, 12 agente berri batu dira 2025ean, eta horietatik % 25 emakumeak dira; batez besteko adina 42,7 urtekoa da. Prestakuntzari dagokionez, formakuntzara bideratutako denbora % 18,5 handitu dela nabarmendu dute, eta Eigurenek adierazi du Udaltzaingoak helburu bera duela aurrerantzean ere: "prebentzio-lanen bidez, hurbiltasuna eta gertutasuna" indartzen jarraitzea, Ertzaintzargaz elkarlanean, "udalerriko segurtasuna areagotzen jarrai dezan".