Gertakariak joan den eguenean, martxoaren 26an, jazo ziren Algorta auzoko etxebizitza batean, 22:00ak aldera. Ertzaintzako patruilak bertaratu zirenean, gizona atarian aurkitu zuten, bularraldean zuen zauri batetik odola zeriola. Agenteek berehala eskatu zuten osasun-laguntza biktima artatzeko eta ospitalera eramateko.
Ertzaintzak egindako lehen ikerketen arabera, erasoa bikotekideen arteko eztabaida baten testuinguruan gertatu zen. Emakumeak labana bategaz eraso egin ziola ondorioztatu zuten agenteek, eta ustez erabilitako arma zuria eraikinaren barruan aurkitu zuten. Ondorioz, 44 urteko emakumea bertan atxilotu zuten.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hasiera batean, homizidio-saiakera delitua egotzi diote akusatuari. Beharrezko polizia-izapideak amaitu ondoren, emakumea epailearen aurrera eraman zuten, eta hark espetxeratzeko agindua eman du epaiketaren zain dagoen bitartean.