Legebiltzarrean egindako agerraldian azaldu zutenez, ikasleen ongizatea bermatuta egongo da; hau da, lekualdatzea eginda ere, arreta egokia eta beharrezko indartzeak jasoko dituztela ziurtatu dute.
Erabakiaren muinean bi faktore nagusi jarri ditu mahai gainean Hezkuntzak. Alde batetik, jaiotza-tasaren beherakada eta, bestetik, eskola-sarearen egokitzapena. Horren harira, EAJko Lorea Bilbaok azpimarratu du neurriak "zailak baina arduratsuak" direla, eta helburua ez dela egitura jakin batzuk mantentzea, ikasleen etorkizunik onena bermatzea baizik. Ildo berean, talde txikiko zentro baten jarraipena zalantzan jarri du, ikasleen garapenak "ingurune aberatsago eta anitzagoak" behar dituela uste baitu, baliabideak ikastetxe handiagoetan biltzeak emaitza hobeak eman ditzakeelakoan.
Bestalde, PSE-EEko Estibaliz Cantok aurreratu du Larrañazubiko instalazioek Hezkuntza Sailaren esku jarraituko dutela eta etorkizunean bestelako erabilerak izan ditzaketela, zehaztasunik eman ez badu ere.
Familiek, ordea, ez dute azalpenak ontzat eman; izan ere, desados agertu dira hainabt datuen aurrean: Hezkuntzak 30 ikasle inguruko okupazioa aipatu duen bitartean, gurasoen arabera 60tik gora dira. Gainera, azken urteetan matrikula egonkor mantendu dela diote, eta beherakadarik ez dela izan; aitzitik, "matrikulazio berriak blokeatu" direla salatu dute, bereziki bi urteko gelaren itxierak eraginda.
Eskola publikoaren etorkizuna, zalantzan
Era berean, gurasoen ustez, A ereduko (gaztelaniaz) zentro baten desagerpenak eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako gela egonkorra galtzeak familia batzuk sare publikotik kanpora, itunpeko zentroetara, bultza ditzake.
Hezkuntza Sailak, hala ere, hizkuntza-eredua mantenduko dela, ikasleak hartuko dituen zentroan espazio egokiak prestatuko direla eta arreta bereziko ikasleek behar duten laguntza izango dutela defendatu du. Haien ustez, integrazioak ez du hezkuntza-kalitatearen galera ekarriko.
Familiek gardentasuna eskatu dute eta itxieraren inguruko txosten guztiak eskuratzeko eskubidea aldarrikatu dute. "Dokumentazioa gabe ezin da erabakia ulertu ezta defendatu ere", ohartarazi dute, eta mobilizazioakaz jarraitzeko asmoa dutela iragarri.