Getxo Kirolak-ek 1.620 plaza eskainiko ditu udako kirol ikastaroetan

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 8a

Plazen zozketa eta behin betiko esleipena maiatzaren 8an egingo dira. © GETXO KIROLAK

Getxo Kirolakek 1.620 plaza jarriko ditu eskuragarri uztailean eta abuztuan Fadurako zein Gobelako kiroldegian antolatuko diren udako ikastaroetan.

Izena emateko, ezinbestekoa izango da abonatu txartela izatea. Aurreinskripzioa zabalik dago jada, eta maiatzaren 6ra arte egin daiteke, bai online, bai aurrez aurre bi kiroldegietako arreta bulegoetan. Plazen zozketa eta behin betiko esleipena maiatzaren 8an egingo dira.

Udako programazioak haur eta gazteak erdigunean jarri dituen arren, helduentzako eta 60 urtetik gorakoentzako eskaintza ere badago. Azken horien artean, entrenamendu funtzionala nabarmendu beharrekoa da, gero eta eskaera handiagoa duen modalitatea baita.

Haurrentzako eskaintzan, bereziki azpimarratzekoak dira 4 eta 14 urte bitartekoentzako aisialdi eta kirol anitzeko ikastaroak. Astelehenetik barikura goizez egingo dira, bost orduko saioetan, eta familientzat erraztasunak ere eskainiko dira: jarduera hasi aurretik zein ondoren zaintza zerbitzua egongo da, eta egunero ordubeteko ingeles saioa emango da.

Horrez gain, “Grand Slam” izeneko ikastaroek aukera emango dute tenisa, padela eta uretako jarduerak uztartzeko, 8 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Igeriketa eskolak ere izango dira, 4 eta 17 urte bitartekoentzat.

Interesa dutenek udako eskaintza osoa jasotzen duen liburuxka kontsulta dezakete, kiroldegietako bulegoetan eskuragarri edo Getxo Kirolaken webgunean deskargatu dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun