Itaiak Iruñeko erailketa matxista salatzeko mobilizazioak deitu ditu Euskal Herrian

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 13a

Itaiak kontzentrazioa deitu du apirilaren 14an, martitzena, Romoko Santa Eugenia plazan, 19:00etan. © ITAIA URIBE KOSTA

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko bost hiriburuetan, baita beste hainbat herritan ere, Iruñean gertatutako azken erailketa matxista salatzeko.

Antolakundeak azaldu duenez, gizon batek emakume bati labanaz eraso zion urruntze agindua urratuta, eta emakumea ihes egiten saiatzean hil zen. Itaiak gertakariak agerian instituzioen babes neurrien mugak uzten dituela salatu du, emakumeak babesgabe uzten dituztelako.

Gainera, azken egunotako datuak kezkagarriak direla azpimarratu du: azken hamar egunetan bi erailketa matxista eta beste saiakera bat izan dira Euskal Herrian.

Egoera horren aurrean, Itaiak matxismoaren aurkako borrokara batzeko eta kaleak hartzeko deia egin du. Mobilizazio nagusiak gaur bertan egingo dira Euskal Herriko hainbat hiriburutan: Iruñean, Donostian eta Gasteizen 18:30ean izango dira elkarretaratzeak; hurrenez hurren Udaletxe Plazan, Boulevarden eta Correos plazan; Bilbon, ordea, 19:00etan egingo da protesta Areatzan. Baionan, azkenik, eguaztenean, apirilaren 15ean, izango da mobilizazioa, 18:30ean Merkatu plazan.

Horrez gain, kontzentrazio bat deitu dute biharko, apirilaren 14an (martitzena), Romoko Santa Eugenia plazan, 19:00etan, indarkeria matxistaren aurka mobilizatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun