Amaia Agirre Getxoko alkateak iragarri du ez duela alkatetzarako hautagaitza errepikatuko datorren legegintzaldian. EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, Agirrek gutun bat bidali die alderdikideei bere erabakiaren berri emateko. Bertan azaldu duenez, erabakia ez da erraza izan, baina "sakon hausnartu" ondoren hartu du, legegintzaldi hau amaitzean bere etapa udaletxean ere itxi egiten dela sentitzen baitu.
Gutunean, Agirrek azpimarratu du Getxok "pertsona berriei, begirada berriei eta bultzada berriei" bidea irekitzeko unea duela, udalerriak aurrera egiten jarrai dezan. "Erabaki meditatua da, konfiantzazko jendearekin partekatua, eta proiektua berrikuntzatik indartzen jarraitzeko konbentzimenduarekin hartua", azaldu du alkateak.
Helburua, bere esanetan, Getxo udalerri moderno eta kohesionatu gisa eraikitzen jarraitzea da. Dena dela, alkateak argi utzi nahi izan du bere konpromisoa "osorik" mantentzen dela eta agintaldiko azken egunera arte "dedikazio, ardura eta ilusio berdinarekin" lanean jarraituko duela. Azkenik, bere alderdikideei eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan emandako babesagatik, eta azken urteetako bidea erronkaz eta lorpenez betea egon dela baloratu du.
EAJren erantzuna
Iñigo Ansolak, Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak, eskerrak eman dizkio Agirreri egindako lanagatik eta bere agintaldian erakutsitako "inplikazio eta konpromisoagatik". EAJk jakinarazi duenez, 2027ko udal-hauteskundeetarako Getxoko zerrendaburua aukeratzeko prozesua "laster" jarriko dute martxan. Amaia Agirreren iragarpenagaz, alderdi jeltzaleak Getxoko alkatetzarako oinordetza prestatzeko denbora izango du, hiru urteren ostean hautagai berri bat aurkeztu beharko baitu.