Algortako Gazte Txosnako eta kuadrilla bateko kideek azaldu dutenez, azkenaldian, Udaltzaingoagaz izandako iskanbilak eta identifikazioak ugaritu egin dira. Indabadan, adibidez, "udaltzainak frontoira sartu" eta musika jartzeko erabiltzen duten karroa "edonola itzaltzeko asmoz" kuadrillako kide bat identifikatu zutela diote. Taberna ibiltarian ere antzekoak gertatu direla salatu dute: "Udaltzaingoa ez ezik Ertzaintza ere hurbildu zen plaza ingurura", eta karroa biltzen ari zen jendea identifikatu zutela adierazi dute. Urte berritan ere "plan berdina" jarraitu zutela diote, karroagaz lotutako "ezagunak egiten zitzaizkienak jarraituz" eta beste pertsona bat identifikatuz.
Azaldu dutenez, oraindik isunak heltzeko zain daude, baina aurreratu dute zenbatekoak "praktikan ordainezina" direla: 1.200 euroko bi isun, 5.000 eurokoa eta 4.000 eurokoa. Horiez gain, azken berrien arabera, hasieran aurreikusi baino gehiago handitzeaz gain, Algortako Gazte Txosna ere isundua izan dela ohartarazi dute.
"Getxoko Udalak gazteontzako daukan ekintza murritzari alternatiba bat eman beharrean, urteko hiru egun seinalatuetan bozgorailuak gau orduetan jartzeagatik 20.000 eurotik gorako isunak jaso dugu Algortako kuadrilla eta eta eragile desberdinek", salatu dute deialdia egiteko argitaratu duten adierazpenean.
Mezuan azpimarratu dute auzokideen atseden eskubidea eta aisialdirako eskubidea uztartu behar direla, baina ohartarazi dute halako zigorrak ezartzeak "pixkanaka aisialdia ezabatzea" dakarrela. Horregatik, herrian aisialdiak leku izaten jarrai dezan, herritarren babesa eskatu dute eta datorren barikuan, apirilaren 17an, 20:00etan Txiki Otaegi plazan egingo duten elkarretaratzera joateko deia aldarrikatu dute: "Inoiz karroaz gozatu baduzu, zatoz elkarretaratzera".