Mercedes eta Tony belatz handien ugalketa zuzenean jarraitzeko habia-kutxa monitorizatu bat jarri dute Areetako Mesedeetako elizan

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 17a

Tony, Areetako Mesedeetako elizan bizi den belatz handien bikoteko arra. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak habia-kutxa monitorizatu bat instalatu du Areetako Mesedeetako Ama Birjinaren elizako dorrean, belatz handi bikote baten jarraipena egiteko. Mercedes eta Tony izeneko belatz gazteak duela urtebete finkatu ziren elizan, eta Getxon zein Euskadin hiri-ingurune batean habia egin duen lehen bikotea bihurtu dira. 

Habia-kutxa berria instalatu zutenetik, bikoteak berehala onartu du txitatzeko toki gisa. Gaur egun, bi arrautza inkubatzen ari dira eta litekeena da aste honetan zehar eklosionatzea. Monitorizazio sistemari esker, bikotearen bilakaera zuzenean jarraitu ahal izango da, eta laster herritarrek ere aukera izango dute txitak Udalaren webgunearen bidez ikusteko.

Carlos Sergio Ingurumeko zinegotziak azaldu duenez, proiektu hau hiri jasangarriagoa eraikitzeko bidean "oso pozgarria" da, eta erakundeen arteko lankidetzak (Anticimex, Bizkaiko Belatz Handiaren Ikerketa Taldea eta Mesedeetako eliza) kontzientziazio soziala sustatzen duela nabarmendu du.

Udalak azpimarratu duenez, belatz handien presentzia ez da soilik biodibertsitate kontua; funtzio garrantzitsua betetzen dute hiri-ingurunearen higienean; izan ere, hegazti harrapari hauek udalerriko espezie ugarienen populazioa kontrolatzen laguntzen dute, hala nola etxe-usoena, pagausoena edo arabazozoena. Hegazti horien gehiegizko hedapenak osasun arazoak eragin ditzake, eta belatzek kontrol natural, egonkor eta jasangarria bermatzen dute.

Julen Zuberogoitia adituak eta Anticimexeko kudeatzaileak azpimarratu duenez, "hiriko biodibertsitatea sustatzeko funtsezko ekimena da". Bien bitartean, hegaztizale eta ornitologo ugari hurbiltzen ari dira egunero Areetako elizara, Mercedes eta Tony hiriko mugimendura ohituta baitaude eta lasaitasun osoz ikus baitaitezke habiara egiten dituzten joan-etorrietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun