Proposamenak jasotzen zuen, besteak beste, sokamuturra eta idi-probak bezalako jarduerak ezabatzea, eta halako ekitaldiak diru publikoagaz ez finantzatzea. Horrez gain, jarduera horien ordez animalien sufrimendurik eragiten ez duten jai-ereduak sustatzea planteatzen zuen.
Sokamuturra Ez plataformak erabakiak erakundeen eta herritarren artean dagoen desadostasuna agerian uzten duela adierazi du. Elkartearen arabera, gero eta herritar gehiagok eskatzen dituzte animalien sufrimendurik gabeko jaiak, eta eztabaida gero eta presentzia handiagoa du udalerrian.
Osoko bilkuran, plataformako kideek sokamuturrean parte hartzen duten animalien egoera salatu zuten, estres, bero eta zauriakaz lotutako egoerak aipatuz, eta horiek albaitarien txostenek zein ikerketa zientifikoek babesten dituztela adierazi zuten.
Bestalde, plataformak gogorarazi du udalaren mendeko erakundeen bidez finantzatzen direla jaietako zenbait jarduera. Aurten, adibidez, 38.000 euroko partida bideratu da Portu Zaharreko jaietara, sokamuturra barne.
Alde bozkatutako taldeek adierazi zuten beharrezkoa dela animalien aurkako tratu txarrik gabeko jai-eredu baterantz aurrera egitea. Plataformak positibotzat jo du jarrera hori, eta etorkizunean aldaketak gerta daitezkeela uste du.
Sokamuturra Ez plataformak alderdi politikoakaz elkarrizketarako bideak irekita mantenduko dituela jakinarazi du, eta nabarmendu du helburua jai-eredu "errespetuzkoago eta eguneratuago" baterantz aurrera egitea dela.