Getxoko Komiki Azoka urriaren 16tik 18ra egingo da aurten

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 20a

Hiru egunetan zehar, azokak 40 saltoki inguru bilduko ditu. © GETXOKO UDALA

Getxoko Komiki Azoka urrian itzuliko da aurten, ohiko datak aldatuta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bederatzigarren artearen hitzordua urriaren 16tik 18ra egingo da, San Diego-Comic Con Malaga jaialdiagaz bat ez etortzeko. 

Hiru egunetan zehar, azokak 40 saltoki inguru bilduko ditu; besteak beste liburu-dendak, argitaletxeak eta fanzineak. Aurten, merkataritza-gunea hiru gunetan banatuko da: Areetako Geltokia plazan, Ibaiondo kalean eta Romoko Santa Eugenia plazan. Antolatzaileen arabera, banaketa horrekin publikoaren mugimendua erraztu gura da. 

Azokara hurbiltzen direnek komikiaren azken nobedadeak eskuratzeko aukera izango dute, baita bildumako aleak, merchandisinga eta ilustrazioagaz lotutako bestelako produktuak ere. 

Bestalde, jarduera-programa Romo Kultur Etxean egingo da, eta askotariko ekitaldiak bilduko ditu: erakusketak, aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta haurrentzako tailerrak, besteak beste. Ohiko sinatze-saioak ere ez dira faltako, zaleek euren artista gustukoenakaz harreman zuzena izateko aukera izan dezaten. 

Lehen egunean, gainera, bi sortzaile omenduko dituzte euren ibilbide profesionalagatik, bata euskal esparrukoa eta bestea estatu mailakoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun