Kubako herriari elkartasuna adierazteko material bilketa masiboa egingo da Euskal Herriko 93 herritan eta 100 ikastetxe zein unibertsitate-campusetan. Getxon, Algortako Telletxe plazan eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan jarriko dituzte bilketa guneak, goizeko 11:00etatik 14:00etara.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) bultzatu dute ekimena, Euskadi-Cuba elkarteagaz batera. Antolatzaileek azaldu dutenez, uhartea bizitzen ari den "egoera larriari" erantzun gura diote; izan ere, itzalaldiek eta erregai eskasiak zuzenean eragiten diote garraioari, osasunari, hezkuntzari eta elikagaiak zein ura eskuratzeko aukerari. Egoera horren jatorrian Ameriketako Estatu Batuek ezarritako "politika isolazionista eta kriminalak" daudela salatu dute, azken urteetan blokeoa gogortu egin dela nabarmenduz.
Azaldu dutenez, bilketa honen bidez Kubara oinarrizko produktuak bidali nahi dituzte, eta herritarrei honako material hauek eramateko deia egin diete: material sanitarioa, elikagai ez-galkorrak, higiene eta garbiketarako produktuak eta kirolerako zein ikasteko materiala. Zehaztu dutenez, produktuek 2027tik aurrerako iraungitze-data izatea nahitaezkoa da.