Getxok ia 91.000 euro banatuko ditu euskarazko jarduerak eta euskal kultura sustatzeko

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 21a

Getxoko Udalak euskararen erabilera sustatzea eta euskal kultura indartzea du helburu.

Getxoko Udalak dirulaguntza-deialdi berria jarri du martxan, euskararen erabilera sustatzeko eta euskal kultura indartzeko helburuagaz. Guztira, ia 91.000 euro banatuko ditu: 42.000 euro eskola-orduz kanpoko jardueretarako eta beste 48.858 euro herriko elkarte zein eragileek antolatutako kultur ekimenetarako.

Euskarazko jarduera osagarrien kasuan, proiektuak aurkezteko azken eguna maiatzaren 30a izango da. Kultur arloko laguntzetan, berriz, eskaerak maiatzaren 4ra arte egin ahal izango dira, Olentzeroren inguruko jarduerek epe luzeagoa izango duten arren; hau da, urriaren 20ra arte .

Dirulaguntzen bidez, Udalak eguneroko jardueretan euskararen presentzia handitu gura du; batez ere haur eta gazteen artean. Horrela, euskaraz egiten diren ohiko aisialdi-jarduerek laguntza jasoko dute, baina baita antzerkia edo bertsolaritza bezalako ekimenek ere. Era berean, barnetegiak eta hizkuntza-murgiltze jarduerak ere diruz lagunduko dira, eta Euskararen Eguna edo euskal astea bezalako ekitaldiak antolatzeko baliabideak ere egongo dira.

Bestalde, kultur arloko laguntzek tokiko jarduera zehatzak estaliko dituzte, hala nola auzoetako Olentzero ospakizunak, San Juan jaiak edo Korrikaren inguruko ekimenak. Horrez gain, gazteei zuzendutako programak ere finantzatuko dira, bai Getxoko kultura Euskal Herriko beste gazteei erakusteko, bai udalerriko gazteek euskal kultura gertutik ezagutzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun