Ez da gaur goizeko kontua. Denbora daramate Artaza-Romoko institutuko irakasleek eta familiek galdera bera airean: zer gertatuko da itsasadarraren azpiko tunelaren obrakaz? Azpiegitura horrek ikastetxearen jardunean izan dezakeen eragina dela eta, Artaza-Romoko 400 ikasleren etorkizuna eztabaidaren erdigunean jarri da azken asteotan.
"Denbora guztian esaten ziguten normaltasunez egongo ginela", gogoratu du Artaza-Romo institutuko irakasle talde batek. Baina azken asteetan egoerak beste norabide bat hartu du: "Orain esan digute ikastetxea egokitzeko obrak ez direla irailerako prest egongo, eta lekualdatzea aztertzen ari direla".
Mahai gainean dagoen aukerak zuzenean ukitzen ditu ehunka ikasle eta familia. Artaza-Romoko 400 ikasleren etorkizuna dago jokoan, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitu duen erabakia ez dagokiola hari, Hezkuntza Sailari eta hezkuntza komunitateari baizik.
Subflubiala Ez! plataformak apirilaren 25erako manifestazioa deitu du, institutuan aurreikusitako proiektua gelditzeko xedeagaz. Deialdia Areetako Xake plazan izango da, arrastiko 19:00etan.
Baina azalpen ofizialek ez dute lasaitasunik ekarri. Alderantziz. "Informazioa oso bat-batekoa izan da, eta momentuz ez dakigu ezer: ez nora joango ginatekeen, ez ze baliabide izango genituzkeen", diote irakasleek.
Airean dagoen erabakia
Lekualdatzea aipatu bada ere, ez dago ezer itxita. Horrek are gehiago zailtzen du egunerokoa. "Ez dakigu ziur joango garen ala ez, ezta joanez gero zein parte mugituko litzatekeen ere", azaldu dute. Gainera, espazio faltak berak baldintzatzen du aukera hori: "Guztiok ez gara sartzen leku berrian".
Horrek guztiak eskolaren antolaketan izango lukeen eragina ez da makala. Ikastetxea zatituta geratzeko arriskua dago, eta irakasleek hainbat lekutan ibili beharko lukete. "Irakasleok hiru gune ezberdinetan egon beharko genuke, eta horrek konplikazio handiak sortzen ditu", diote.
Kezka, gero eta handiagoa
Ziurgabetasuna ez da paper gaineko kontua soilik; hau da, klaustroan nabari da. Irakasle-taldearen esanetan, "ezinegona badago, bai subflubialaren eraginagatik, bai lekualdatzeak ekar ditzakeen ondorioengatik" .
Familien artean ere antzeko sentsazioa zabaltzen ari da. Batzuek dagoeneko pausoak emateko prest daudela ere adierazi dute: "Familia batzuk oso kezkatuta daude, eta aukera badago, nahiago dute umeak ikastetxez aldatu".
"Familia batzuk oso kezkatuta daude, eta aukera badago, nahiago dute umeak hemendik atera eta. ikastetxez aldatu"
Erantzunen zain, mugimenduan
Ziurgabetasunak ez ditu geldirik utzi. Langile talde bat antolatzen hasi da jada zentroan. "Subflubialaren kontra gaude, eta ikastetxean izango duen eragina salatzen ari gara", azaldu dute.
Mobilizazioak, bilerak eta antolaketa etorri dira ondoren. Baina, batez ere, argitasuna eskatzen dute. "Ez dakigu ezer ziur. Espero dugu uda baino lehen egoera argitzea", diote.
Bitartean, ikasturtea amaitzear dago, eta erantzunak oraindik iritsi gabe daude: "Momentuz, ez dakigu ezer".