Getxoko Harrera Bulegoa indartuko dute, pertsona migratuen erregularizazioa errazteko

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 22a

Gobelaurre Boluntariotza Zentroko zerbitzua indartuko duela iragarri du Udalak. © GETXOKO UDALA

Udalak aholkularitza juridikoko zerbitzua sendotuko du Gobelaurreko bulegoan, pertsona migratuek beren egoera administratiboa arautu dezaten. Horrez gain, zaurgarritasun-txostenak egiteko dispositibo bat jarriko du martxan, eta apirilaren 23tik aurrera hitzorduak hartzeko aukera egongo da.

Getxoko Udalak jakinarazi du Gobelaurre Boluntariotza Zentroan kokatutako Migrazioen Harrera eta Arretarako udal-bulegoa indartuko duela. Helburu nagusia egoera administratibo irregularrean dauden pertsona migratuek euren erregularizazio prozesua informazio eta aholkularitza juridikoarekin gauzatu ahal izatea dela azaldu dute. Gaineratu dutenez, prozesu horretarako beharrezkoak diren zaurgarritasun-txostenak egiteko dispositibo berezia ere gaituko dute bertan.

Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, ekimen honen asmoa da "Getxon bizi diren pertsona guztiek administrazio-irregulartasunak dakarren zaurgarritasun-egoeratik atera ahal izatea eta gainerako herritarren eskubide eta aukera berberak eduki ahal izatea". 

Hitzordua eskatzeko interesatuek aldez aurretiko hitzordua eskatu beharko dute apirilaren 23tik, eguenetik, aurrera. Arreta zerbitzua apirilaren 24an, barikuan, hasiko da eta hitzorduak telefonoz 944 660 152 zenbakian (astelehen eta martitzenetan 09:00 – 13:00, eguaztenetan 15:00 – 19:00 eta eguenetan goizez eta arratsaldez). WhatsApp bidez ere egin daiteke 747 424 287 telefono-zenbakian.

Beste bide batzuk eta "Mujeres con Voz"

Udalak gogorarazi du Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak erregularizazioa izapidetzeko beste bide batzuk ere badituela (adibidez, 060 telefonoa, Posta-bulegoak edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala). Halaber, hirugarren sektoreko erakunde laguntzaileek ere ematen dute laguntza. Getxon, Mujeres con Voz elkarteak (RECEX zerrendan sartua) zerbitzu hori eskaintzen du regularizacion@mujeresconvoz.com helbide elektronikoaren eta 655 603 809 telefono-zenbakiaren bidez.

Bestalde. informazioa zuzenean jaso nahi dutenentzat, Udalak bi saio antolatu ditu: apirilaren 29an, eguaztenean, 18:00etan, Getxo Elkartegian (Areetako Ogoño 1) eta maiatzaren 8an, ostirala: 10:00etan, Algortako Kultur Aretoan (Villamonte A-8).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun