Udalak azaldu duenez, erabakiaren helburua aisialdi eta hezkuntza eskaintza haur guztiengana iristea da, familien egoera ekonomikoa oztopo izan ez dadin. Ildo berean, plaza kopurua handitu egin da, iaz baino 20 gehiago eskainiz.
Udalekuak uztailean egingo dira, Geroa ikastolan eta Juan Bautista Zabala zein Romo ikastetxe publikoetan. Bi txanda antolatu dira, bakoitza bi astekoa: ekainaren 29tik uztailaren 10era lehenengoa, eta uztailaren 13tik 24ra bigarrena. Denbora tarte horretan, haurrek aisialdiko jarduerak ez ezik, irteerak ere izango dituzte, astean bitan.
Aurten, gainera, ordutegia malgutu egin da, familien kontziliazioa errazteko. Sarrera goizeko 08:00etatik aurrera egin ahal izango da, eta irteera 14:00etan edo 17:00etan izango da, azken aukera horretan bazkaria hartzeko aukera barne.
Izena emateko prozesua online egin daiteke udalaren webgunearen bidez, edo aurrez aurre Herritarren Arretarako bulegoetan. Onartuen zerrendak maiatzaren 22an argitaratuko dira.