Getxok "Miren Larrea" muralismo sariaren bigarren edizioa jarri du abian

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 22a

2022an, Pablo Astrainek "Lapso" murala egin zuen Andra Mariko tunel batean. © GETXOKO UDALA

Getxo Kulturak "Miren Larrea" muralismo sariaren bigarren deialdia abiatu du, udalerriko espazio publikoetan artea sustatzeko helburuz. Proiektu irabazlea Aiboatik Euskal Herria kalerako sarbidea egiten duen zubiaren barruko hormetan gauzatuko da.

Lehiaketara aurkezteko epea apirilaren 22an, gaur bertan, ireki da eta uztailaren 21era arte egongo da zabalik. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da adin nagusikoa izatea eta aurkeztutako lanak argitaragabeak izatea. Gaia librea izango da, proposamenek inguruneagaz eta Getxoko errealitateagaz duten lotura bereziki baloratuko den arren.

Epaimahaiak bost proiektu hautatuko ditu lehen fase batean. Hautatutako lan bakoitzak 500 euroko saria jasoko du, eta ondoren herritarren iritzia jasotzeko kontsulta-prozesu bat irekiko da. Parte-hartze hori ez da loteslea izango, baina azken erabakian kontuan hartuko da.

Behin proposamen irabazlea aukeratuta, murala lau hilabetetik beherako epean gauzatu beharko da. Horretarako, 20.000 euroko aurrekontua bideratuko da, eta gehienez beste 10.000 euro erabiliko dira baliabide osagarrietarako.

Artea espazio publikoan

Deialdiak ez du soilik obra artistikoa saritu gura. Proiektuak gauzatzeko, parte-hartzaileek dokumentazio-plana aurkeztu beharko dute, argazkiak eta bideoak barne, baita herritarrei zuzendutako bitartekaritza-proposamen bat ere, murala inguruko bizilagun eta bisitariei hurbiltzeko.

Ekimen hau Miren Larrea artista getxotarraren omenez antolatzen da, eta udalerrian muralen ibilbide bat sortzen ari da pixkanaka. Lehen edizioan, "Auzotarren mosaikoa" lana izan zen irabazlea, eta Areetako Geltokia plazan margotu zuten. Aurretik, 2022an, Pablo Astrainek "Lapso" murala egin zuen Andra Mariko tunel batean, muralismoa sustatzeko esperientzia pilotu gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun