Getxoko udako koloniak doakoak izango dira aurten eta 336 plaza eskainiko dituzte

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 23a

Getxoko udalekuetako txango bat. © GETXOKO UDALA.

Getxoko udako koloniek aldaketa nabarmena izango dute aurtengo edizioan: erabat doakoak izango dira. Gazteria arloak bultzatutako proposamen honen bidez, eskaintza 336 plazara handitu dute, iaz baino 20 gehiago. Jarduera hau Getxon erroldatutako 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago.

Mihaela Jilavu zinegotziak azaldu duenez, kostuak kentzeak "aurrerapauso erabakigarria" suposatzen du udako oporraldian hezkuntza eta aisialdi aukeretara sarbide ekitatiboa bermatzeko. Ildo horretan, neurriaren helburu nagusia aukera-berdintasuna indartzea dela azpimarratu du, arrazoi ekonomikoengatik familia bakar bat ere kanpoan gera ez dadin.

Udako udalekuen programa uztailean zehar garatuko da hiru ikastetxetan: Geroa ikastolan, Juan Bautista Zabalan eta Romo ikastetxean. Bi txanda egongo dira, bakoitza bi astekoa: ekainaren 29tik uztailaren 10era eta uztailaren 13tik 24ra. Txanda bakoitzean 4 txango egingo dira, martitzen eta eguenetan.

Familia eta lan-kontziliazioa errazteko asmoz, aurten ordutegi malgutasuna handitu da sarbidean. Igerileku edo kirol guneetara joateko ordutegi zehatzak izateaz gain, sarrerak 08:00etatik 09:00etara egin ahal izango dira, tarteko ordutegiakaz Irteera orduak, berriz, 14:00etan edo 17:00etan finkatu dituzte, jantoki zerbitzua aukeratzen duten kasuetan.

Izen-ematea

Plazak eskuratzeko eskaerak maiatzaren 4tik 17ra bitartean aurkeztu ahal izango dira, Getxoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrak Arreta Zerbitzuko (HAZ) bulegoetan. Onartuen behin-behineko zerrenda maiatzaren 22an argitaratuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun