Getxok ongietorria eman dio hiriguneko lehen belatz txitari

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 24a

Getxok herritar berri bat du bere kaleetan: Areetako Mesedetako Ama elizaren dorrean habia egin duen belatz handi bikotearen arrautzetako bat eklosionatu eta lehen txita daborduko jaio da. Mercedes eta Tony izenez ezagutzen diren hegaztiak guraso bihurtu dira.

Duela gutxi, Getxoko Udalak habia-kutxa berezi bat instalatu zuen, harrapari hauen ugalketa errazteko helburuagaz. Ekimen horri esker, belatzek erraz hartu dute espazioa; hots, habia prestatu eta bertan finkatu dira. Gainera, hau da Getxon ez ezik, Euskadi osoan ere hirigune batean habia egin duten lehen belatz handien kasua.

Egungo egoeran, bikotea erabat egonkortuta dago dorrean, eta hiriko eguneroko mugimenduetara ohituta, naturaltasunez ikus daitezke. Horrek ikusmin handia piztu du; izan ere, egunero hainbat ornitologo eta hegazti-zale gerturatzen dira. 

Biodibertsitatearen aldeko urratsa

Proiektuan Anticimex enpresak, Bizkaiko Belatz Handiaren Ikerketa Taldeko adituek eta elizak berak parte hartu dute. Habia-kutxa kameraz hornituta dago, eta horri esker, ugalketaren jarraipena zuzenean egin daiteke.

Bestalde, belatzen presentziak onura praktikoak ere baditu: usoak, uso basatiak edo estorninoak bezalako espezie ugarien populazioa modu naturalean kontrolatzen laguntzen dute. Julen Zuberogoitiaren hitzetan, Anticimexeko aditu eta ikerlariaren arabera, “ekimen honek biodibertsitatea sustatzen du, eta aldi berean, hiri-inguruneetan oreka natural eta iraunkorra bermatzen du”.

Lehen txitaren jaiotza, beraz, naturaren eta hiriaren arteko bizikidetza orekatuago baten adibide gisa hartu genezake.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun