Getxoko EH Bilduk salatu du EAJren "kudeaketa txarrak" milioi bat eurotik gorako zuloa eragin duela zaborren kontratuan

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 24a

Getxoko Udaleko kale-garbitzaile bat, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

EH Bildu salatu du EAJren gobernu-taldeak kale-garbiketako eta hondakin-bilketako kontratuan egindako kudeaketa "negargarriak" kalte ekonomiko handia eragin duela herritarrentzat. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten ondorioz, udalak 400.000 euro inguru ordaindu beharko ditu berandutze-interesetan bakarrik, eta guztira, kudeaketa-akatsak milioi bat eurotik gorako kostua izan du.

Getxoko koalizio soberanistak agerraldia egin du EAJ buru duen gobernu-taldearen "gaitasun falta" salatzeko. Azaldu dutenez, hainbat urtetako auzien ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, 422/2025 epaiaren bidez, arrazoia eman dio Getxo Hiri Zerbitzuak ABEE enpresa esleipendunari, eta Udala zenbateko handia ordaintzera behartu du.

Esandakoa argudiatzeko, jakinarazi dute Udalaren esku-hartze txostenaren arabera, Udalak 369.557,29 euro ordaindu beharko dituela berandutze-interesengatik bakarrik. EH Bilduren esanetan, zenbateko hori urteetan zehar prezioak berrikusteko aplikatutako irizpide okerraren emaitza da. "Getxotarren poltsikotik ia 400.000 euro ateratzen dira EAJren kudeatzeko gaitasun falta ordaintzeko", deitoratu du EH Bilduk. Koalizioaren arabera, diru horrek ez du kaleen garbitasuna hobetzeko edo edukiontziak berritzeko balio izango, baizik eta "oinarrizko kontratu bat zuzenbidearekin bat etorriz kudeatzen ez jakiteagatik" galtzen den dirua da.

Milioi bat eurotik gorako zuloa

Interesez gain, Udalak 689.453,80 euro ordaindu beharko dituela ere azaldu dute, 2015etik "gaizki egindako" prezioen berrikuspenengatik. Guztira, kudeaketa-akats horren faktura milioi bat eurotik gorakoa da, eta gobernu-taldeak kopuru hori diruzaintzako gerakinaren kontura hornitu behar izan duela salatu du EH Bilduk, bizilagun guztien aurrezkia erabiliz.

"Diru hori gizarte-zerbitzuetara edo auzoetako inbertsioetara bidera zitekeen", gaineratu dute. Testuinguru horretan, erantzukizun politikoak eskatu dituzte: "EAJk ezin du kudeaketa paregabe bat saltzen jarraitu, auzitegiek erabakiak bertan behera utzi eta sei zifrako interesen fakturak ordaintzera behartzen gaituzten bitartean. Getxok merezi du euro publiko bakoitza babestuko duen kudeaketa, eta ez hau, udal arduradunen harrokeriagatik eta ezintasunagatik galdutako auzietan xahutuko duena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun