Getxok milioi bat eurotik gorako kalte-ordaina ordaindu beharko dio garbiketa enpresari

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 24a

Epaileek ezetsi egin dute udalak aurkeztutako helegitea. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak milioi bat euro baino gehiago ordaindu beharko dio udalerriko kale-garbiketa, zabor bilketa eta Larrañazubiko hondakin gunea kudeatzen dituen enpresari. 

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Getxo Hiri Zerbitzuak ABEE-ri, urteetan udalak kontratuaren prezioen berrikuspena behar bezala aplikatu ez duelako.

Epaileek ezetsi egin dute udalak aurkeztutako helegitea eta, ondorioz, 689.453 euro ordaintzera kondenatu dute, enpresak jaso ez dituen zenbatekoengatik. Horrez gainera, beste 369.557 euro gehitu behar zaizkio berandutze-interesengatik. Guztira, milioi bat eurotik gorako faktura izango da.

Urteetako gatazka

Gatazka 2013an sinatutako kontratuaren prezioen eguneraketatik dator. Udalak 72 milioi euroko kontratua esleitu zuen zortzi urterako, luzapen aukeragaz. Handik gutxira, desadostasunak hasi ziren, prezioak eguneratzeko modua zela eta. Izan ere, Udalak urteko batez besteko KPIa aplikatu gura izan zuen; enpresak, ordea, kontratua luzatzen zen hilabetearen aurreko indizea erabiltzea defendatu zuen. Auzitegiek azken irizpide hori babestu dute.

Epaitegiek enpresaren alde egin dute, eta argi utzi dute udalak ez zuela eguneraketa behar bezala aplikatu. Horren ondorioz, enpresak urteetan gutxiago kobratu du, eta orain diru hori guztia atzera ordaindu beharko zaio, interesakaz.

Lehen epaia Bilbon eman zen, eta orain EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du erabakia. Gainera, epaileek nabarmendu dute fakturak garaiz eguneratu behar zirela, eta hori ez egiteak kalte ekonomikoa eragin diola enpresari.

Epaia ezagutu ondoren, EH Bilduk gogor kritikatu du udalaren kudeaketa, bereziki berandutze-interesengatik ordaindu beharreko ia 400.000 euroak direla eta. Haien ustez, atzerapen horrek "justifikaziorik gabeko gainkostua" ekarri du.

Azken hilabeteetan, gainera, auzitegiek beste kontratu batzuen kudeaketa ere zalantzan jarri dute, argiteria publikoari lotutako kasu batean, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun