Instalazio berriak 50.000 euro inguruko inbertsioa izan du, eta guztira aurrefabrikatutako hormigoizko 21 elementu ditu, parkour praktikaren beharretara egokituta. Proiektua Thinking Fadura izeneko eraldaketa-prozesuaren barruan kokatzen da, eta diziplina honetako adituen zein erabiltzaileen iritziak kontuan hartuta diseinatu da.
Parkourra, 1980ko hamarkadan Frantzian sortutako diziplina, bi punturen arteko ibilbidea ahalik eta modu arin eta eraginkorrenean egitean datza, oztopoak gaindituz. Beste kirol batzuekaz alderatuta, ez du izaera lehiakor nabarmenik, eta horrek praktika libreagoa eta sortzaileagoa ahalbidetzen du.
Fadurako instalazio berriak 100 metro koadroko azalera du, eta errugbi zelaiaren eta kanpoko belodromoaren ondoan kokatuta dago. Gainera, sarbidea libre eta doakoa da, ez baita beharrezkoa Getxo Kirolakeko abonatu-txartela izatea; horrela, interesa duten herritar guztiek erabil dezakete.