Ekimenaren xede nagusia umeek erreferente euskaldunak izatea da, gurasoek euskaraz jakin ala ez. Hala, etxeetako unibertsoa euskalduntzeko, jolas moduko misioak proposatzen ditu ekimenak, eta familien eskura Eusferaren webgunea egongo da, non adinaren araberako baliabideak topatuko dituzten.
Horrez gain, kalean, "euspazioak" antolatuko dituzte: umeen eta gurasoen arteko elkarguneak, euskaragaz gozatzeko guneak izan daitezen. Rozio Luzes Egizu elkarteko kideak azaldu duenez, bertan tailerrak, jolasak eta irteerak egingo dituzte, familiako erreferenteek eta haurrek elkarrekin parte har dezaten.
Hauek dira antolatu dituzten jardueren data zehatz batzuk: apirilaren 30ean, 16:15ean, txapa tailerra Zubileta ikastetxean; maiatzaren 8an, 17:30ean, Parkean Olgetan saio berezia Neguriko Gernika parkean; maiatzaren 15ean, 17:30ean, Parkean Olgetan saio berezia Malakate parkean; maiatzaren 16an, Auzolana Gobela ikastolan (goizez), eta 16:00etan, bizikleta martxa San Isidrotara eta 17:30ean irudien bingoa Malakate parkean; maiatzaren 22an, 18:30ean, Parkean Olgetan saio berezia San Nikolas plazan.
Mikel Barcena Bizarra Lepoan elkarteko kideak zehaztu duenez, ipuinen, pantailen, musikaren edo sormenaren planetetan murgilduko dira familiak. Erronkak bete ahala, udalerriko 4.400 familiari bidaliko zaien "pasaportea" zigilatu ahal izango dute.
Gorka Mostajo Euskara zinegotziak nabarmendu duenez, "adin horietan gaztetxoek entzuten duten guztia erreproduzitzen dute eta horregatik garrantzitsutzat jotzen dugu txikienen artean euskararen presentzia areagotzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea. Aisialdia, kultur kontsumoa, erreferenteak, kirola, pantailak, etxeko hizkuntza praktikak euskaldunagoak izatera lagundu nahi dugu eta hori lortzeko parte hartu duten entitate eta eragile guztion esfortzua eskertu nahi dugu. Euskaraz jakin ala ez, familia getxoztarrak gonbidatu nahi ditugu etxean zein kaleetan antolatutako jardueretan parte hartzera, aipatutako 10 egunetan, baita aurrerantzean ere, txikienen artean esparru zein pertsona erreferenteak euskaldunagoak izatera laguntzeko".