EH Bilduk Getxon administrazioen "utzikeriagatik" legez kanpoko etxebizitza turistikoak ugaritzen ari direla salatu du

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 5a

EH Bilduren ustez, neurriak premiazkoak dira.

EH Bilduk salaketa gogorra egin du Getxon etxebizitza turistikoen inguruan, eta EAJk gidatutako erakundeen "immobilismoa" seinalatu du legez kanpoko jarduerak baimentzen ari direlakoan. 

Mikel Bildosola EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, egoera ez da kasualitatea, baizik eta "etxebizitza eskubidea irensten duen eredu turistiko baterako alfonbra gorria". Kritikaren muina udalaren jardunean jarri du: EH Bilduren arabera, Getxoko Udalak hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostenak urtebeteko atzerapenagaz bidali dizkio Eusko Jaurlaritzari, legeak hiru hilabeteko epea ezartzen duen arren.

Atzerapen horien ondorioz, Eusko Jaurlaritzak "isiltasun positiboaren" figura aplikatu duela salatu du EH Bilduk, eta horri esker, Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak berariaz debekatzen dituen jarduerei lizentziak eman zaizkiela. Bildosolaren hitzetan, "onartezina da utzikeriak legezko bihurtzea araudiak berak legez kanpokotzat jotzen duena".
Koalizioak 17 lizentzia berrikusteko helegiteak aurkeztu ditu Turismo Sailaren aurrean, eta salatu du administrazioak, udalaren aurkako txostenak jaso arren, erregistroko inskripzioei eustea erabaki duela. EH Bilduren ustez, horrek ordenamendu juridikoa urratzen du, etxebizitza horiek tokiko araudiagaz bateraezinak direla jakinda ere.

"Hotel klandestinoak" hainbat auzotan

Salaketak Getxoko hainbat guneri eragiten die; hala nola Santa Eugenia, Telletxe, Algortako etorbidea edo Basagoiti etorbidea bezalako eremuei. EH Bilduren arabera, gutxienez 17 jarduera klandestino daude martxan, hotel edo pentsioen antzera funtzionatzen dutenak baina beharrezko lizentziarik gabe.

Egoera horren aurrean, alderdiak bi eskari nagusi egin ditu: batetik, Getxoko Udalari eskatu dio jarduera klandestinoak berehala eteteko eta zehapen-espedienteak irekitzeko; bestetik, Eusko Jaurlaritzari galdegin dio administrazio-isiltasunaren bidez emandako lizentziak baliogabetzeko eta egoera argitu arte inskripzio berriak geldiarazteko.
EH Bilduren ustez, neurriak premiazkoak dira, "immobilismoak eta burokraziak auzoak hustea" ekar dezaketelako, etxebizitza merkatuaren presioa areagotuz eta espekulazioari bide emanez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun