Berbodromoak euskara kalera aterako du maiatzaren 21ean Getxon

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 6a

Talde txikietan antolatuta, bost lagunek osatuko dute mahai bakoitza.

Euskararen erabilera sustatzeko eta kalean presentzia indartzeko helburuz, Berbodromoaren XV. edizioa ospatuko da maiatzaren 21ean Getxon. Irune Etxebarria Atxaren omenezko jardunaldiak goizez Itzubaltzeta/Romon eta arrastiz Algortan izango ditu saioak, herritarrak euskararen inguruan elkartzeko asmoz.

Goizeko hitzorduak Santa Eugenia plazan izango dira, 9:00etan eta 11:00etan, eta arrastiko jarduera nagusia 18:00etatik aurrera egingo da San Nikolas plazan. Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteek, udalerriko euskaltegien laguntza eta Getxoko Udalaren babesagaz, antolatu dute ekimena.

Berbodromoak ohiko formatuari eutsiko dio aurten ere; hau da, euskara ikasten ari direnak, erabiltzeko aukera gutxi dutenak eta euskaldunak mahai berean bilduko dira, hizkuntza partekatzeko eta praktikatzeko. Talde txikietan antolatuta, bost lagunek osatuko dute mahai bakoitza (dinamizatzaile batek eta lau parte-hartzailek) eta 15 minutuko solasaldiak egingo dituzte gai zehatzen inguruan. Saio bakoitzaren ostean, partaideak mahaiz aldatuko dira, solaskide berriakaz hitz egiteko aukera zabalduz.

Aurtengo gaiak eguneroko bizitzagaz eta euskararen erabileragaz lotuta daude: leku eder eta zatarrei buruzko iritziak partekatzea, Korrikaren ostean euskararen presentzia nola mantendu aztertzea edota kulturaren bilakaerari buruz hausnartzea, besteak beste.

Jai giroa, jolasak eta kantua

Egitaraua ez da solasaldietara mugatuko. Parte-hartzaileek Jolasdromoan ere aritzeko aukera izango dute, euskara maila edozein dela ere, eta arrastia borobiltzeko, 19:30etik aurrera kantujira egingo da Algortako kaleetan.

Ekimenak izaera irekia du, eta parte hartu gura dutenek izena eman dezakete aldez aurretik telefonoz edo web bidez, edo bestela egunean bertan plazara hurbilduz. Antolatzaileek azpimarratu dute helburua euskararen erabilera naturala sustatzea dela, giro atsegin eta ludiko batean, herritarrak protagonista bihurtuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun