Zaporeak Eguna

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak bere lana gizarteratzeko elkartasun jai handia egingo du zapatuan

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 6a

Datorren maiatzaren 9an, Getxoko Tiki Tokia Zentroak elkartasun eta jai giroko jardunaldi handia hartuko du. Zaporeak elkarteak antolatutako hitzordu honen helburu nagusia proiektua posible egiten duten boluntarioak, erakundeak, enpresak eta herritarrak biltzea da, Lesbosen (Grezia) errefuxiatuei ematen zaien laguntza humanitarioa indartzearekin batera.

Jardunaldi honek helburu bikoitza duela azpimarratu dute Zaporeak erakundeko kideek. Batetik, elkarbizitza eta euskal kultura ospatzea, eta, bestetik, elkarteak Kara Tepe kanpalekuan egiten duten ezinbesteko lan sustengatzeko dirua biltzea; izan ere, Zaporeakek urteak daramatza bertako sukalde solidarioan errefuxiatuei otordu duinak bermatzen, ehunka boluntarioren ahaleginari esker.

Hala, zapatuan egun osoko egitaraua egingo dute 12:00etatik aurrera. Hasteko, ongietorriko aurreskua eta txalapartaren doinuek lagundutako aurkezpen instituzionala egingo dute. Bertan, proiektua babesten duten erakunde, enpresa eta elkarteen ordezkariek hartuko dute parte.

Egun osoan zehar, adin guztientzako jarduerak antolatuko dituzte, elkartasuna giro jai-zalean uztartzeko. Batetik, ospakizun hoenetarako sortu duten abesti solidario baten aurkezpena egingo dute musikari eta abesbatzagaz, txistularien kalejira eta erromeria herrikoiagaz. Bestetik, Euskal kulturaren adierazpideak ez dira faltako, hala nola gastronomia eta bertsolaritza, elkarbizitza sustatzeko guneak sortuko dituztenak. Era berean, erakundearen eguneroko lanaren berri emateko bideko-emanaldiak eta argazki-erakusketak ere egingo dituzte, eta, egunari amaiera emateko, "lekukoa emateko" ekitaldia egingo da, hurrengo urtean hitzordua berriro errepikatzeko konpromisoagaz.

Aitortza kolektiboa

Getxoko jardunaldi hau ez da soilik ekitaldi solidario bat izango; Zaporeaken sarean parte hartzen duten pertsona guztien "aitortza kolektiboa" ere izan gura du. Elkarteak gogorarazi duenez, ehunka boluntarioren lanari eta herritarren babesari esker lortzen da milaka errefuxiaturi otordu duina bermatzea. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun