Getxoko Udalak 60.000 euro gehiago bideratuko ditu kultur elkarteentzako laguntzetara

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 8a

Jantzi artistikoetarako dirulaguntza zehazki zuzenduta dago abesbatzei eta euskal dantza taldeei.

Getxo Kulturak indartu egin du tokiko elkarte kulturalen aldeko apustua: aurten 60.000 euro gehiago bideratuko ditu dirulaguntzetara, eta maiatzaren 8tik ekainaren 8ra arte egongo da eskaerak aurkezteko epea zabalik. 

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat lehen aldiz euskal dantza eta musika koraleko elkarteentzat laguntza espezifiko bat sortu dela da, jantzi artistikoak erosteko. Gainera, ohiko dirulaguntzen barruan beste lerro berri bat gehitu da: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren jardueren mugikortasun-gastuak ordaintzeko laguntza.

Ohiko dirulaguntzek 179.000 euroko aurrekontua izango dute, eta horien helburua Getxoko irabazi asmorik gabeko kultur elkarteen jarduera babestea da. Hots, 2026an zehar egingo dituzten ohiko programak, ekitaldiak eta jarduerak finantzatzeko balioko dute. Baldintza nagusia elkarteek Getxon egoitza izatea eta dagokion erregistro ofizialetan inskribatuta egotea da.

Bestalde, jantzi artistikoetarako dirulaguntza, 35.000 eurokoa, zehazki zuzenduta dago abesbatzei eta euskal dantza taldeei, ondare immateriala babestu eta zabaltzeko asmoagaz. Kasu honetan, 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra egindako erosketak finantzatu ahal izango dira.

Nola eta noiz egin eskaera?

Eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira Getxo Kulturaren egoitza elektronikoaren bidez. Interesdunek oinarri guztiak eta xehetasunak kontsultatu ditzakete udalaren webgunean, eta kontuan izan behar dute epea ekainaren 8an amaituko dela.

Gainera, laguntza jasotzen duten elkarteek ondoren gastuak behar bezala justifikatu beharko dituzte. Dirulaguntza handienen kasuan (36.000 eurotik gorakoak), faktura guztiak aurkeztu beharko dira; gainerakoetan, gastuen zerrenda zehatza eta gutxienez emandako laguntzaren %10aren justifikazioa eskatuko da. Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2027ko urtarrilaren 31 izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun