Kanpaina Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak, hainbat udalek (tartean Getxok, Leioak eta Gernika-Lumok) eta Txorierriko Mankomunitateak antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Hilabete batez, tokiko merkataritzan euskararen presentzia eta erabilera indartzea izango dute helburu.

Gaur egun, Euskararen Laguna Saltokiak sareak 272 saltoki ditu Getxon, eta horietatik 75ek Euskaraz barra-barra ziurtagiria ere badute; alegia, bezeroei arreta euskaraz emateko gaitasuna bermatzen dute.
Galderen erruleta eta opariak
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat kalez kale ibiliko den galderen erruleta izango da. Aktoreek girotutako dinamika baten bidez, herritarrek Getxori eta euskarari buruzko galderei erantzun ahal izango diete, eta parte hartzen dutenek "Kaishop! Eman haizea euskarari!" lelodun paipaiak jasoko dituzte opari.
Gainera, hamar opari sorta eta Eneko Atxa sukaldariaren jatetxean bazkari bat zozkatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Euskaraz erosten dutenek, bestalde, eusko orriak jasoko dituzte saltokietan, QR kode baten bidez galderei erantzun eta zozketan parte hartzeko aukeragaz. Guztira 10.000 esku-orri banatuko dituzte.
Erruleta hainbat gunetan jarriko dute datozen egunetan: maiatzaren 16an Andra Mariko jaietan izango da; hilaren 21ean, Algortako Berbodromoan eta pintxopotean; 23an Algortan bertan; 28an Romon; eta 29an Areetan.
Kanpainaren antolatzaileen arabera, helburua ez da soilik euskararen erabilera sustatzea, tokiko merkataritzaren eta hizkuntzaren arteko lotura indartzea baizik, "gertutasuna" eta "kalitatea" balio komun gisa aldarrikatuz.