Ekonomia urdina indartuko duten 12 proiektu berri hautatu ditu Getxo Itsas Hubek

Ander Zarraga · Hodei Torres 2026ko maiatzaren 13a

Getxo Itsas Hub itsasoagaz lotuta ekintzaileentzako zentro bat izateko sortu zuten. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak Itsas Hub ekintzaile-zentroaren hirugarren deialdia ebatzi du, eta 12 enpresa-proiektu berrik lortu dute bertan lan egiteko tokia. Kirol Portuko instalazioetan kokatutako zentroak itsasoari lotutako jarduerak, nautika, kirola eta ongizatea sustatzea du helburu, eta adjudikazio berri honegaz bere komunitate profesionala sendotu du.

Getxo Itsas Hubek, Getxo Sormen Huben bidetik, udalerriko mikroenpresen lehiakortasuna eta espezializazio adimenduna bultzatzen ditu. Deialdi berri honen bidez, hautatutako proiektuek zentroaren seigarren urtetik bederatzigarrenera bitarteko jarduera bermatuko dute, ekimenaren heldutasun maila erakutsiz.

Aukeratutako proiektuek Getxoko enpresa-sarearen aberastasuna eta maila tekniko altua islatzen dutela nabarmedu dute Udaleko arduradunek, eta lau arlo nagusitan banatzen dira adjudikaziodunak: turismo nautikoa eta esperientziak, teknologia eta digitalizazioa, zerbitzu aurreratuak eta aholkularitza, eta itsas kultura zein ondarea.

Juanma Gonzalez Ekonomia Sustapeneko zinegotziaren hitzetan, "helburua aukera guneak sendotzen jarraitzea da, Getxon inpaktu positiboa sortzeko". Hala, zentroak lanerako gune modernoak eskaintzeaz gain, internet zerbitzua, bilera-gelak, prestakuntza programak eta Getxolanen aholkularitza teknikoa jartzen ditu ekintzaileen eskura, sinergiak eta elkarlana sustatzeko ingurune batean.

Zentroa profesional berriz betetzen ari den arren, oraindino badago lekua ideia berrientzat. Gaur egun, lau postu finko eta sei postu malgu daude libre, eta interesa duten ekintzaileek Getxoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin dezakete eskaera, deialdiak zabalik jarraituko baitu lekuak agortu arte. Azpiegitura honek Getxoren itsas-izaerari lotutako talentua garatzeko eta udalerriko ekonomia dibertsifikatzeko tresna giltzarria izateko helburua du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun