Emakumezkoen senior taldea izango da lehena zapatu honetan, maiatzaren 16an, 17:00etan, Majadahondaren aurka indarrak neurtuko dituzte Faduran, Iberdrola Ligako finalerako txartela eskuratzeko asmoz. Getxoztarrak bigarren sailkatu dira liga erregularrean, baina oraindino euren palmaresean falta zaien titulu bakarra lortu nahi dute. Partida honek errebantxa kutsua izango du, apirilaren 19an madrildarrek kanporatu baitzituzten getxoztarrak Erregina Kopako finaletik puntu bakarrarengatik. Aurten Faduran jokatutako partidan, aldiz, Getxo askoz gehiago izan zen eta 32-0 nagusitu zen. Finalerdia irabaziz gero, eta El Salvadorrek Coruñari irabazten badio, finala Valladoliden jokatuko lukete maiatzaren 24ko aste-akabuan.
Gizonezkoen senior taldeak, bestalde, Ohorezko B Mailara itzultzea du helburu. Lehen itzulian A Taldeko liderrak izan ondoren eta bigarrenean Elite Taldeko buru amaitu ostean, igoera faseko finalerdia etxean jokatzea ziurtatu dute. Aste-akabu honetan atsedena hartuko dute eta oraindino arerioaren zain daude; Andorra izan daiteke aurkaria, baldin eta gipuzkoarren aurka irabazten badute. Getxoztarrek abantaila handia izango dute, finalerdia ez ezik, final hipotetikoa ere Faduran jokatzea ziurtatua baitute. Gizonezkoen finalerdiak maiatzaren 31n jokatuko dira, eta igoera erabakiko duen final handia ekainaren 7ko asteburuan izango da.