Antolatzaileek azaldu dutenez, martxa Nakba egunaren testuinguruan antolatu dute. Maiatzaren 15ean Palestinak Nakba edo "hondamendia" deiturikoa gogoratzen du; hau da, duela 78 urte milaka palestinar beren lurretatik eta etxeetatik kanporatu zituztenekoa, Israelgo Estatua sortu zen garaian.

Khalas Palestina Uribe Kostaren arabera, 1948ko gertakarietan 750.000 palestinar desplazatu zituzten, 500 herrixka baino gehiago suntsitu zituzten eta milaka pertsona erail, torturatu eta bortxatu zituzten. Taldeak garai hartako "indarkeria eta okupazioa" gaur egun ere mantentzen direla salatu du, eta horregatik "amaigabeko Nakba" baten aurrean gaudela.
Horren aurrean, herritarrak zapatuko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte, Palestinari babesa erakutsi eta egungo egoera salatzeko.