Norovirus osasun-alerta eragin duen "Ambition" gurutzaontzia Getxoko portura helduko da maiatzaren 18an

Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 14a

Gurutzaontziak Getxoko portuan.

Ambition gurutzaontzi britaniarra, orain Burdeosen (Frantzia) porturatuta dagoena, Getxoko gurutzaontzien terminalera ailegatuko da maiatzaren 18an. Birus honek gastroenteritis-agerraldi larria eragin die hainbat bidaiariri.

Printzipioz, Ambition gurutzaontzia Ferrolen (Galizia) porturatu behar zen zapatu honetan, maiatzaren 16an, baina geldialdi hori bertan behera utzi eta gero, Bilboko portura bidaliko dutela adierazi du Bizkaiko Portu Agintaritzak.

Diotenez, osasun-alerta gurutzaontzia Burdeosera ailegatu zenean piztu zen, 90 urteko bidaiari britaniar bat gastroenteritisak jota hil zela jakinarazi zutenean. Era berean, beste 50 bat pertsona ere sintomak zituztela adierazi zuten.

Hasieran, egoerak gurutzaontzian zeuden 1.700 pertsona konfinatzea eragin zuen. Orain, Akitania Berriaren (Frantzia) osasun-agintariek erabaki dute sintomarik ez duten pertsonak lehorreratzen hasiko direla, kutsatuta dauden pertsonak bakarrik isolamenduan mantenduz.

Azaldu dutenez, konponbide baten bila, osasun-talde frantses bat gurutzaontzi barruan sartu da, hainbat frogen bidez osasun-alertaren handitasuna neurtzeko. Patogeno erruduna zein den antzeman gura dute, birusaren transmititzeko ahalmena neurtzeko eta hartu beharreko neurri-epimediologikoak zeintzuk izan beharko liratekeen erabakitzeko. 

Frantziako agintariek adierazi dute ez dagoela arrazoi klinikorik pentsatzeko gertatutakoak beste alerta batzuekaz harremana duenik, hala nola, MV Hondius gurutzaontzian sortutako hantavirusen kasuak. Oraingoz, lasai egotea eskatu dute informazio gehiago lortu arte. 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun