Ikerketen arabera, gizarteak bere biokulturaren % 60 baino gehiago galdu du 1800. urteaz geroztik, eta horrek eragin zuzena du gaur egungo erronka ekosozialetan eta osasun arazoetan. Joera horri aurre egiteko eta ingurumen krisiaren erroari heltzeko, bi elkarteek tailerrak eta udalekuak biltzen dituen egitaraua prestatu dute, lurrarekiko lotura herritik eta komunitatetik berreraikitzeko.
Adituek argitu dutenez, gaur egungo ingurumen krisia ezingo da soilik neurri tekniko edo ekonomikoakaz konpondu, arazoaren muina gizakiak mundu biziagaz duen haustura bera delako. Ekologiaren eta antropologiaren ikuspegitik frogatuta dago biokultura sendoa duten gizarteek harreman orekatuagoa eta jasangarriagoa dutela inguruneagaz, eta horrek bioaniztasunaren kontserbazio handiagoa, baliabideen erabilera egokiagoa eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzia indartsuagoa dakarrela. Ezagutza hori guztia nekazaritzan, elikaduran, hizkuntzan, tradizioetan eta artean islatzen denez, herrietan eremu biziak eta topaguneak sortzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Batetik, maiatzean eta ekainean hainbat zientzia-tailerrak egingo dituzte Azebarri kultur elkartean. Tailerren prezioa 20 euroko izango da ume bakoitzeko, 15 euro Azebarrik bazkideen kasuan. Bestetik, ekainean eta uztailean zientzia, teknologia, artea eta natura uztartuko dituzten Biobio Algorta 2026 Udalekuak egingo dituzte, euskaraz eta 7 eta 12 urte arteko umeentzako. Horien prezioa 195 eurokoa izango da, 175 bazkideen kasuan. Horien inguruko informazio guztia dokumentu honetan kontsultatu daiteke.
Abian jarritako programazioa bide luze baten hasiera baino ez dela adierazi dute Biook eta Azebarri elkarteetako kideek, eta herritarrak gonbidatu dituzte komunitate honetan parte hartzera erronka sozioekologikoak hobekuntza aukera bihurtzeko. Tailerretan eta udalekuetan izena emateko edo ekimenaren inguruko xehetasun gehiago jasotzeko, interesatuek elkartearen sare sozialak jarraitu ditzakete edo biook.org zein biooklab.com webguneak bisitatu ditzakete, non informazio guztia eskuragarri dagoen.