Etxebizitza sindikatuak Algortan familia bat etxegabetu dutela salatu du, alternatiba iraunkorrik gabe

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 18a

Sindikatuaren esanetan, etxegabetzea ez da "benetako etxebizitza-alternatibarik" bermatu gabe egin.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Algortan joan den eguenean gauzatutako etxegabetzea salatu du. Sindikatuaren arabera, emakume bat, haren semea, adineko aita gaixoa eta alaba adingabea kaleratu dituzte 26 urtez alokairuan bizi izan diren etxebizitzatik.

Sindikatuak azaldu duenez, emakumeak duela urtebete galdu zuen lana, gaixotasun larri baten ondorioz. Ordutik, familiak ezin izan dio aurre egin ordaintzen ari zen hileko 890 euroko alokairuari. Erakundeak salatu du etxebizitzaren jabeak bazuela egoeraren berri, eta, hala ere, familiaren aurkako presioa areagotu zela.

Hiru eguneko pentsioa, irtenbide bakar gisa

Sindikatuaren esanetan, etxegabetzea ez da "benetako etxebizitza-alternatibarik" bermatu gabe egin. Salatu dutenez, erakundeetatik eskainitako aukera bakarra hiru eguneko pentsio batean ostatu hartzea izan da, eta neurri hori ez dela irtenbide egonkorra familia baten egoerari erantzuteko.

Horren harira, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Getxoko Udalari familia horrentzat "kalitatezko alternatiba iraunkor bat" bermatzeko eskatu dio. Era berean, etxebizitza sindikatuetan antolatzeko deia egin du, eta etxegabetze guztiak berehala eta baldintzarik gabe eteteko eskatu du.

Sindikatuaren iritziz, Algortako familia honen egoerak agerian uzten ditu alokairuari aurre egiteko zailtasunak eta etxegabetzeen aurrean erakundeek eskaintzen dituzten babes-neurrien mugak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun