Ekimenak helburu bikoitza izango du: batetik, Ereagako igogailua modernizatzeko aurreikusitako lanen testuinguruan mugikortasun alternatiba bat eskaintzea; eta, bestetik, hondartza-eremuarekiko konexioa indartzea. Udalaren aurreikuspenen arabera, zerbitzua ekainetik aurrera jarriko da martxan, izapidetze- eta lizitazio-prozesua amaitu ondoren.
Anezkak aldi baterako izaera izango du, gehienez hiru hilabeteko iraupenagaz. Erabiltzaileentzat doakoa izango da, eta astelehenetik domekara ibiliko da, jaiegunetan barne, 10:00etatik 20:00etara. Maiztasuna 20 minutukoa izango da, gutxi gorabehera.
Ibilbideak udalerriko hainbat puntu estrategiko lotuko ditu, tartean Marques de Arriluce eta Punta Begoña ingurua, Algortako gasolindegi zaharra eta Kasinoa. Gainera, zerbitzua Areetaraino iritsiko da, Ama Mesedeetako elizan geldialdia eginez, auzo horretatik hondartzarako lotura errazteko.
Zerbitzua tamaina ertaineko autobus irisgarri baten bidez emango da, Getxoko kaleen ezaugarrietara egokituta. Autobusak mugikortasun urriko pertsonentzako lekua izango du, irisgarritasuna bermatzeko.
Amaia Aguirre Getxoko alkateak azaldu du Ereagako igogailuak udan funtzionatzen jarraituko duela, baina anezka-zerbitzuak aukera "eroso eta irisgarria" eskainiko duela, udazken-neguari begira igogailuan aurreikusitako hobekuntzak egiten diren bitartean.
Zerbitzuaren lizitazio-aurrekontua 65.146,70 eurokoa izango da, BEZa barne.