Getxo Folkek 42. edizioa ospatuko du ETS, Celtas Cortos eta Dulce Pontesegaz

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 21a

Jaialdiak hiru gune nagusi izango ditu: Muxikebarri, Areetako Geltokia plaza eta Ereaga hondartzako aparkalekua.

Getxo Folk jaialdia irailaren 9tik 13ra egingo da aurten, eta 42. edizioak dagoeneko baieztatu ditu lehenengo izenak. Getxo Kulturak aurreratu duenez, aurtengo egitarauan nazioarteko artistak, euskal musikako erreferenteak eta Estatuko eszenako talde ezagunak elkartuko dira.

Jaialdiak hiru gune nagusi izango ditu: Muxikebarri, Areetako Geltokia plaza eta Ereaga hondartzako aparkalekua. Muxikebarrin ordainezko kontzertuak egingo dira, 20:00etan; doako kontzertuak, berriz, Areetako Geltokia plazan izango dira, 13:00etan eta 18:00etan, eta Ereagako hondartzako aparkalekuan, 22:00etan.

Ereagan izango dira aurtengo hitzordu handietako bi. Irailaren 11n, barikua, Celtas Cortos igoko da oholtzara, folk rockaren talde erreferenteetako bat. Taldea urteurreneko biran murgilduta helduko da Getxora, bere ibilbideko kantu ezagunak publikoagaz partekatzeko.

Hurrengo egunean, irailaren 12an, zapatua, En Tol Sarmiento talde arabarraren txanda izango da. Azken urteotan Euskal Herriko musikaren izen nagusietako bat bihurtu da taldea, eta Getxon ere bere zuzeneko indartsua eskaintzeko aukera izango du.

Muxikebarriko programazioan ere izen propio nabarmenak izango dira. Irailaren 12an Dulce Pontes fadista portugaldarra arituko da, 2021ean Getxon izandako arrakastaren ondoren. Oraingoan, pandemiaren mugarik barik, publikoak bere musikaz bete-betean gozatzeko aukera izango du.

Jaialdiari amaiera emateko, irailaren 13an, “Xalbador, Urepeleko artzaina” ikuskizuna eskainiko dute Muxikebarrin. Proiektu horrek Fernando Aire Etxart “Xalbador” bertsolari handia omenduko du, haren heriotzaren 50. urteurrenean. Joxan Goikoetxea musikari eta konpositorearen zuzendaritzapean, Euskal Herriko hainbat artistak parte hartuko dute bertsolariaren ondarea gogora ekartzeko.

Horrez gain, Getxo Folkek kaleko musikari ere leku zabala egingo dio. Areetako Geltokia plazan goizez eta arrastiz egingo diren doako kontzertuek publiko guztiei zuzendutako eskaintza osatuko dute, musika tradizionala eta estilo askotariko proposamenak uztartuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun