Getxoko klubaren helburua arrauna gazteengana hurbiltzea eta oporraldirako aisialdi aktibo, osasungarri eta hezitzailea eskaintzea da. Horretarako, kirola, ikaskuntza, bizikidetza eta aire zabaleko jarduerak uztartuko dituzte Getxoko kostaldean.
Campusa Izaskun Etxaniz entrenatzaileak zuzenduko du teknikoki; 16 urteko esperientzia du aulki mugikorreko modalitatean. Jarduera hiru txandatan egingo da: uztaileko bigarren astean, uztaileko azken astean eta abuztuko bigarren astean. Txanda bakoitzean gehienez hamar parte-hartzaile egongo dira, arreta hurbila eta pertsonalizatua bermatzeko.
Astelehenetik barikura izango da, 09:00etatik 13:00etara. Bost egun horietan, gazteek arraunaren hastapen eta praktika saioak, uretako jarduerak, hondartzako jolasak, lan fisiko egokitua eta aire zabaleko bestelako dinamikak egingo dituzte. Jarduera klubeko kideei, beste talde batzuetako gazteei eta aurretiazko esperientziarik ez dutenei ere zabalik dago; baldintza bakarra igeri egiten jakitea izango da.
Mikel Barturen klubeko buruak azaldu duenez, campusak kiroletik harago joan gura du: "Campusak balio batzuk transmititu nahi ditu, hala nola talde-lana, bizikidetza, erantzukizuna eta bizi-ohitura osasungarriak. Helburua ez da soilik arraunean egiten irakastea, baizik eta kirolaren eta itsas ingurunearen inguruan esperientzia positibo bat sortzea".
Daborduko izen-ematea zabalik dago, eta plazak mugatuak izango dira. Prezioa 160 eurokoa izango da asteko, eta plazak izen-emate ordenaren arabera esleituko dituzte. Informazio gehiago jasotzeko, interesdunek 637 256 613 telefonora deitu edo izasetxa98@gmail.com helbidera idatzi dezakete.