Plataformaren arabera, erabaki horrek Meatzaldea eta Eskuinaldea garraio publiko bidez lotzen dituen linea bakarraren desagerpena ekarriko luke. Horren ondorioz, Muskiz, Trapagaran, Abanto eta Ortuellako bizilagunek ezingo lukete zuzenean Leioara edo Getxora joan autobusez, eta bidaia egiteko autobus aldaketa egin beharko lukete. Gainera, Leioaren eta Barakaldoren arteko lotura ere okertuko litzatekeela ohartarazi dute.
Subflubiala Ezek neurriak Rontegiko zubiko trafiko-arazoak areagotu ditzakeela uste du, orain arte autobusa erabiltzen zuten hainbat pertsona autoa hartzera bultzatuko lituzkeelako. Plataformaren iritziz, horrek kontrako norabidean egingo luke garraio publikoaren sustapenari eta mugikortasun jasangarriari dagokienez.
Kolektiboak kritikatu du Aldundia, alde batetik, Leioa eta Trapagaran arteko azpiegitura berria egiteko 500 milioi euro baino gehiago bideratu gura izateagatik, eta, bestetik, udalerri horien arteko garraio publiko bidezko lotura zuzena kentzeagatik. Haien esanetan, horrek erakusten du erakundeak "auto pribatuaren aldeko apustua" egiten duela garraio publikoaren kaltetan.
Horregatik, Subflubiala Ez plataformak Foru Aldundiari eskatu dio itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua bertan behera uzteko eta baliabide horiek garraio publikoa hobetzeko erabiltzeko. Era berean, alegazioez gain, mobilizazioak egitea ere aztertzen ari direla jakinarazi dute.