Jardunaldia BIHAR nazioarteko kongresuaren barruan kokatzen da. Kongresu hori Garabide, Plazara, Soziolinguistika Klusterra eta Tauparen elkarlanetik sortu da, eta biziberritzen ari diren Hego globaleko hizkuntza komunitate gutxituen esperientziak, diskurtsoak eta erronkak mundu mailako ikuspegitik lantzea du helburu.

Goiz osoko egitarauan, bi ardatz nagusi landuko dituzte. Batetik, Hego globaleko hizkuntza gutxituek egiten dituzten kontakizun berritzaileak aztertuko dituzte. Horretarako, BIHAR kongresuaren baitan egindako ikerketaren lehen emaitzak aurkeztuko dituzte; ikerketa horretan, 70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak aztertu dituzte ikuspegi intersekzionaletik.
Bestetik, hizkuntzaren biziberritzearen inguruko kontakizunak antiarrazismoagaz, feminismoagaz eta ekologismoagaz nola lotu daitezkeen landuko dute. Beste mugimendu batzuetatik zer ikasi daitekeen, diskurtso horiek nondik elikatzen diren eta euskararen biziberritzerako zer ekarpen egin dezaketen izango dituzte hizpide.
Saioan hainbat hizlarik hartuko dute parte; tartean, Julene Samuel, Manuel Moreno, Leo Bueriberi, Aritz Landeta eta Miren Artetxe. Ondoren, hiru hizlariren arteko solasaldia egingo dute, Onintza Olaizolak gidatuta.
Taupak azaldu duenez, Biharko Taupada jardunaldiak hizkuntzen biziberritzeari buruzko gogoeta eguneratu gura du, ertzetatik, komunitate gutxituen esperientzietatik eta ikuspegi eraldatzaile batetik abiatuta. Izena emateko aukera zabalik dago.