Aste Berdea ospatuko dute getxoztarrek doan izango diren hainbat jardueragaz

Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 28a

Ekimenak udalerriko aberastasun naturala ezagutzeko eta gozatzeko aukera eskainiko du. © GETXOKO UDALA

Ekainaren 5etik 11ra, Getxon Aste Berdea antolatuko dute jasangarritasuna herritarrei modu praktikoan eta parte-hartzailean hurbiltzeko helburuagaz. Udaleko Ingurumen Unitateak ekintza mordoa egingo ditu: tailerrak, hitzaldiak, ibilbideak eta aire zabaleko beste hainbat jarduera. 

Aurten, hainbat ekintza berri iragarri dituzte. Hasteko, "Haur bat, zuhaitz bat" ekimenak familiei aukera emango die udalerrian jaiotza edo adopzio bakoitzeko ale bat landatzeko. Ildo berean, "Landareak zaintzen gaituzte; gure txanda da orain" leloagaz, herritarrei Getxoko flora aberasteko aukera emango zaie. Udalak azaldu duenez, herritarrek euren etxeetan tokirik ez duten landareak edo zuhaitzak emanez, Udal lorezaintza-zerbitzuak Getxoko berdeguneetako batean birlandatuko ditu. 

Ekimen horiez gain, hegaztiak ikustea, txorientzako etxeak eraikitzea, konpostaje-tailerra eta balkoietako baratzeak, baita etxetresna elektriko txikiak eta ehun-gaiak konpontzeko tailerrak egongo dira. Azpimarratu dutenez, horiek guztiak berrerabilera eta kontsumo arduratsua sustatzera bideratuta daude. Halaber, nabarmentzekoak dira erosketa-zerrenda modu eraginkorrean planifikatzen ikasteko tailerra, sukaldean zero galera ardatz duen bigarren tailer bat eta bigarren eskuko liburu eta jostailuen azoka. 

Horiekaz batera, gogoratu dute ez direla faltako badian zehar egin ohi den ibilbidea eta kostaldetik piraguan egindako txangoa, hondakin plastikoak biltzen laguntzen den bitartean. 

Argazki-lehiaketa berdea

Ohiko proposamenen artean, azpimarratu dute aurten ere ingurumenari buruzko "Getxo Berdea Helburu" argazki-lehiaketa antolatu dutela udalerrian bizi diren DBHko edo Batxilergoko ikasleentzat. Azaldu dutenez, hauetako bi irudi onenek 300 euroko balioa duen argazki kamera bana jasoko dute.

Azkenik azpimarratu dute ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta, Larrañazubiko Ingurumen Aretoak tailer kolaboratibo bat antolatuko duela eskuakaz margotutako ingurumen arloko mural bat prestatzeko. "Aste Berdea udalerriko aberastasun naturala ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango da; tokia zaintzen eta errespetatzen ikasten den bitartean", aitortu du Carlos Sergiok, Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak.

Jakinarazi dutenez, jarduera guztiak doan izango dira eta horietan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da: telefonoz, 605 749 064 zenbakira (09:00etatik 15:00etara) edo e-postaz, getxoasteberdea@gmail.com helbidera, hautatutako jarduera, izen-abizenak eta eskuko telefonoa zehaztuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun