Getxoko Udalak 500.000 eurotik gora handituko ditu proiektu sozial, ekonomiko eta kiroletarako dirulaguntzak

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 29a

Igoerarik handiena gizarte-kohesioaren arloan izango da.

Getxoko Udalak udalerriko ongizatea eta garapena sustatzen dituzten elkarte, erakunde eta proiektuentzako dirulaguntzak indartzea onartu du. Zehazki, 2026an 2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gizarte-kohesioagaz, sustapen ekonomikoagaz, kirolagaz eta kulturagaz lotutako proiektu zehatzetara. Horrek 500.000 eurotik gorako igoera ekarriko du 2025eko kopuruakaz alderatuta.

Igoerarik handiena gizarte-kohesioaren arloan izango da; izan ere, Udalak 264.336 euro gehiago bideratuko ditu arreta, laguntza eta inklusioa sustatzen dituzten egitasmoetara. Helburua udalerriko kolektibo eta herritarren beharrei erantzuten dieten proiektuak sendotzea da.

Sustapen ekonomikoaren arloan ere gorakada izango da, 130.000 euro gehiagogaz. Diru horren bidez, tokiko jarduera ekonomikoagaz, merkataritzagaz eta enpleguagaz lotutako ekimenak bultzatzen jarraitu gura du Udalak.

Kirolak ere laguntza handiagoa jasoko du: 127.000 euro gehiago bideratuko dira kirol-proiektuetara, eta, gainera, %10 handituko dira kirol klub eta elkarteentzako dirulaguntzak. Guztira, arlo horrek ia 150.000 euro gehiago jasoko ditu. Kulturari dagokionez, Udalak 225.000 euroko ekarpenari eutsiko dio, Getxoko sormen eta kultura-jarduera babesten jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun