2015an Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) bere ibilbidea amaitutzat eman zuenetik, gazte askoren buruan hauen lekukoa hartzeko erantzukizuna piztu zen. Azken urteotan, gaztetxoenen artean Euskal Futbol Selekzioaren ispilua hutsaldu den heinean, geroz eta gehiago dira "Espainiako selekzioaren elastikoa jantzita ikusten ditugun umea eta nerabeak", adierazi dute 7Baietz elkarteko kideek.
"Futbola kirola soilik bada ere gizartearen arazoak konpondu edo ezagutzera emateko erreminta baliogarria ere bada"
Bide horretan, euskal zaleek Gabonetan San Mamesen Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko lagunarteko partidan, ofizialtasunaren aldarrikapena bizirik jarraitzen duela erakutsi zioten gizarteari (atzerriko hedabideek ere luze eta zabal jorratu zuten Bilboko aldarrikapenaren arrakasta), eta une horretan hasten da 7Baietz taldearen ibilbidea.
Berton hasitako proiektu honek laster atxikimendu ugari jaso diru Gasteiz, Hendaia, Trebiñu eta Etxarrin, esate baterako. Ofizialtasunaren aldeko lan honetan, etorkizunean Euskal Futbol Federakundeagaz elkarlanean aritzeari ez diote muzin egiten, baina, hasteko, Euskal Herriko talde ezberdinen harmailetara ofizialtasunaren aldarria luzatu nahi dute. 7Baietz elkarteko Asierrek adierazi moduan, "Erresuma Batuan Eskozia, Gales edota Gibraltarrek selekzio propioa baldin badute, eta Danimarkak Faroe Uharteen taldea blokeatzen ez badituzte guk ere geurea animatzeko eskubidea eduki beharko genuke".
Hori guztia dela eta, datorren ekainaren 13an, arrastiko 07:01an, elkarretaratzea deitu dute Txiki Otaegi plazan, deialdiaren goiburuak berak dioen bezala, "Espainiar eta Frantziako estatuei hortzak erakusteko".